home

search

#003 Euskal Zonaren izenaz. Kabroiak!

  —Aitona zerbait prestatzen ari da. Susmagarria —neskak esan zuen.

  —Dudarik gabe —ahots distortsionatu batek errepikatu zion.

  Iratxe kalean zegoen. Beltz katua eta Bizkor errobota berarekin zeuden.

  Euskal Zonako haur guztiei, sei urte betetzen dituztenean, katu edo txakur bat —nahi badute— eskaintzen zaie. Horrekin batera, errobot bat ere bai. Tamaina txikikoa, bigarren gradukoa, hain zuzen.

  Tradizio hori ?Hirukotea? deitzen da. Txikitatik Ama Lurra errespetatzeko, heriotza ezagutzeko eta teknologia erabiltzen ikasteko sortu zen.

  Iratxek errobota bizkarrean eta katua besoetan zeramatzan; biak lurrean utzi zituen.

  Beltz buruarekin neskaren hankak laztantzera hurbildu zen. Bizkorrek antena zabaldu zuen ?beep? batekin.

  Iratxeren begi urdin zabalek distira egiten zuten, eta aurpegiko cyberkonektoreak oraindik osatu gabe zeuden.

  —Goazen ikustera aitona zer egiten ari den kartoi-kutxa horiekin —bekokia zimurtu zuen, mesfidati.

  —Ados, Ira. Kalea eskaneatuko dut.

  Hirurak pausoz pauso Euxebiorengana hurbildu ziren.

  K1 sektorean, Oreretako kaleetan, hotza zen nagusi. Hutsuneko herri-multzo osoan bezala. Erradioaktibitatea ez zen beste leku batzuetan bezainbeste jaitsi.

  Ezkina batean, bi gazte portu neuraletarako neo-heroina kargagailu bat ikertzen ari ziren.

  ━━━━━━━━━━ ◆◇◆ ━━━━━━━━━━

  Azken urteetan Euxebio bera bakarrik bizi izan da. Pasa den urtean hori aldatu zen.

  Egun batean, bere semea Aitor etorri zen etsipeneko eskaera batekin:

  ?Zaindu Iratxe; uste dut egia ezagutzeko pauso bakarrera nagoela. Denbora batez EZ utzi behar dut?.

  Euxebiok semeari buruz izan zuen hurrengo albistea haren atxiloketa eta Bilboko Artemisa kartzelan espetxeratzea izan zen: ?Aitor "Deathbyte" Spitfire, Euskal Zonako netrunner hiltzailea? zioen CA albistegien titularrak.

  If you come across this story on Amazon, it's taken without permission from the author. Report it.

  ━━━━━━━━━━ ◆◇◆ ━━━━━━━━━━

  —Kaixo aitona, zer moduz?

  Aitonak txapela beltza, bizar zuria eta kolore gorriko begi zibernetiko bat zeraman.

  —Oso ondo, laztana. Zer egiten duzue hirurok hain goiz? Eman muxutxo bat.

  Iratxek Euxebio besarkatu zuen eta maitasunez muxu bat eman zion.

  —Ezer ez. Galdera zuzena, ordea, hau da: zer ezkutatzen ari zara kutxa horietan?

  Espaloia kutxaz gainezka zegoen.

  —Beep, beep… beep —Bizkorrek, denari adi-adi, ingurua aztertzen jarraitzen zuen.

  — Ah! Kutxak. Ba beno, betikoa. Herriko gazteek utzi didate inprimaketa cybernodoa.

  —Panfleto berri bat berriz ere? Aitona mesedez, Gipuzkoako paper guztiarekin amaituko duzu. Ez dago soberan.

  —Zein neskatxo fin eta formala zaren. Badakit Iratxe, baina hau garrantzi handikoa da.

  —Bai, beti gauza berdina esaten duzu.

  —Irakurri nahi al duzu?

  —Noski baietz!

  ━━━━━━━━━━ ◆◇◆ ━━━━━━━━━━

  Euskal Zonaren izenaz. Kabroiak!

  Euskal ze demontre? Ez gara asko. Baina batzuek badakigu Euskal Zona izena asmakizun hutsa besterik ez dela. Euskal Zona? Kar-kar! Euskal Herria gure aberriaren izena da. Nafarroa ere bai. Euskadi, Baskonia. Baita ere. Baina Euskal Zona? Ze oxtia da hori?

  Zergatik hasi ginen izenak aldatzen? Nor izan da erruduna? Nortzuk izan dira memoriaren hiltzaileak? Putasemeak!

  Nire izena EuXebio Spitfire da. Euskal Zonan bizi naiz. 89 urte ditut. Nire familia lehenengoetako bat izan zen Euskal Zona eraikitzen. Idazki hau egia esateko eta Euskal Zonan lau haizetara zabaltzeko idatzi dut. Eskerrik asko inprimaketa cybernodoa utzi didaten lagunei. Zuei esker egia zabalduko da! Egia piztuko da! Sua!

  1. Hirugarren Mundu Gerra bukatu eta gero, hau da, mundu guztia kixkalita izan ondoren, Euskal Herria izan ezik, Estatu espainola zein frantsesaren eragina behin betiko amaitu zen. Kaosean, estatuen egitura autonomikoak desagertu ziren ere bai. Kolapsoaren eta Ahazkeraren Garaia hasi zen.

  2. STIX korporazioa Getxo eta Donostian geratu zen. Domoetan sartuta.

  3. Burgesia guztia hiri adimentsu eta automatizatuetan (hiriburuetan), hau da, IA, dronak eta robotikaren bidez kudeatuak, bildu eta blindatu zen polizia eta armada pribatuen laguntzaz. Komunitate Automatizatuak sortu zituzten.

  4. Matxinada azkar baten bidez langile klasearen talde antolatuek gainerakoa hartu zuten. Asanblada Nazionala herri boterearen kudeatzailea da, eta herri zein auzo askaguneak organo gorenenak dira, hain zuzen.

  Zergatik deitzen zaio gainerakoari Euskal Zona?

  Burgesia hiriburuetara ihes egiten zuenean, haien zainbotak kartelak jarri ohi zituzten, ?zona radioactiva? iragartzen zutenak, jendea beldurtzeko eta lurra zein enpresak ez okupatzeko.

  Baina biztanleek ?radioactiva? hitza ezabatu eta ?Euskal? gehitzen zuten, lauburu batekin, beren lurraldea eskuratuz. Denborarekin, herri ikur eta erresistentziaren zigilua bihurtu zen. Horrela agertu zen izena. Baina ez da izen benetakoa, eta EUSKAL HERRIA EZ DUGU AHAZTU BEHAR.

  Hau da Euskal Herria, baina gure herriak ez du gogoratzen nondik datorren. Bere hurbileko memoria apurtuta dago, nodoguneak ezkutatuta daude, eta ezagutza hondakinen artean zatiturik dago. Memorrainak galduta.

  Sorterik badago, beste egun batean euskararen egoeraz arituko gara. Azken euskalduna bizirik badago, edo gutxienez, ez bada oskol-huts bilakatu.

  Asanblada Nazionala ENTZUN! Gure hizkuntza hiltzear dago!

  Kabroiak!

  Euskal preso politikoak kalera!

  EuXebio Spitfire, Euskal Zona.

  ━━━━━━━━━━ ◆◇◆ ━━━━━━━━━━

  Iratxek irribarre txiki bat egin zuen.

  —Aitona, madarikazio gehiegi erabiltzen duzu.

  —Badakit, ene azukre-koskorra. Zer egingo diogu ba? Zaharra naiz, eta zaharrok baimena daukagu.

  —Bai horixe!

  —Zer egingo duzu goizetik?

  —Lagunekin joango naiz. Gaur dantza berriak koreografiatuko ditugu, Irati Iraeta DJ-ren abestiekin!

  —Ah! Graffitiak... bai, primeran daude. Nire garaian pintadak deitzen genituen. Ondo pasa bihotza.

  —Kar-kar! Aitona, mesedez...

  —Zer nahi duzu, polita?

  Iratxek panfletoaren azken esaldia gogoratu zuen.

  —Aitaren berririk? Zelan dago?

  —Oraindik ez. Ondo dago.

  Euxebiok Iratxeren burua maitasunez laztandu zion.

  Zumardian, hostoak haize hotzak darabiltza hara eta hona, memorrain galduekin dantzan egingo balute bezala.

  ━━━━━━━━━━ ◆◇◆ ━━━━━━━━━━

  Glosategi:

  Inprimaketa cybernodoa – 3Dko eta paperezko inprimagailua. Gaur egun erabilgaitzak diren ezaugarri aurreratuak ditu. Teknologia erdi-galduta.

  Hirukotea – Euskal Zonako tradizio bat. Animalia eta errobota. Haurrak organikoaren, etikaren eta teknologiaren arteko orekan bizitzen prestatzeko baliogarria. Euskal Zonan ez dago abandonatutako animalirik.

  Pintadak – Adierazpen politiko-artistiko herrikoia. CAetan ohikoak dira. Bilboko japoniar auzoan izan ezik, han muralak baitira erlijio bat. EZn ere, muralek dute protagonismoa.

  Memorrainak – Memoria ultradigitaleko zati ateragarriak. Teknologia galduta.

  Hutsunea – ?La Brecha? izenez ere ezaguna. Aintzinako Insurgentzia-gerra galdu ondoren, pixkanaka Gipuzkoako eremu ekonomikoki deprimituena bilakatu zen. Hondarribia, Irun, Pasaia eta Lezotik hasi eta Oiartzun, Orereta, Astigarraga eta Hernaniraino hedatzenda.

  ━━━━━━━━━━ ◆◇◆ ━━━━━━━━━━

  


  Pictures of datapad terms and video here:

  


Recommended Popular Novels